MENTURA DUGUN ARTEAN
LERTXUNDI ESNAL, ANJEL
Idazlea irakurle amorratua da edo nekez izango da idazle. Bi lanbide horiek ditu hausnar-gai Lertxundik literatur saio honetan, idazle lana eta irakurle lana. Plazerrez eta minez egiten diren bi jardun horiei lanbide deitzea zilegi bada. Literaturaz egiten du orobat gogoeta autoreak, eta literaturaz gogoeta egitea bizitzaz ere gogoeta egitea denez, Paveseren haritik, bizitza lanbide ere izan dezake liburu honek izenburu. Literatur saioa da Mentura dugun artean liburua. Tesi liburu eta saio akademikoetatik oso urrun, kontakizunaren eta kontatzearen -ongi kontatzearen- mentura eta saioa ez daudela elkarren artean mutur joka erakustera dator, betiko maitasunez, Lertxundi, ez dagoela debekurik saioaren eta atseginaren artean. Orri hauetan bertan irakur daitekeenez, idazketa bezain ekintza sortzailea da irakurketa, plaza berean elkartu behar dute biek literatur miraria gerta dadin. Joseph Conrad-ek zioen idazleak liburuaren erdia baino ez duela idazten eta irakurlearen kontura doala beste erdia. Erdi honek beste erdia behar du, beraz, zirkulua osatzeko.