MIGUEL HERNANDEZ ANTOLOGIA
HERNANDEZ, MIGUEL
Ingurune aski soil eta xumean hezi zen Miguel Hernandez. 1910ean Orihuelan munduratu zen ahuntzain familia batean. Inguruko ume gehienak ez bezala, hamar urtez eskolatu zen, urte asko orduko lagunei erreparatuz gero, baina aski gutxi gerora lortu zuen maila poetikorako. Batxilergoa jesuitekin hasi zen ikasten eta han ezagutu zuen Jose Ramon Marin Gutierrez, Ramon Sije ezizeneko adiskide mina, zeinaren heriotzaren oinazean bere poema sonatuenetako bat idatzi zuen: Ramon Sije-ri elegia. Ezin izan zuen batxilergoa amaitu aitak ahuntzaintzarako etxean behar omen zuelako, eta halaxe itzuli zen, bere borondatearen kontra, ahuntzak bazkatzera hamabost urte zituela.
1933an argitaratu zen bere lehen poema liburua, Ilargietan peritu. Liburuak, antza, ez zuen egileak espero izandako harrera eduki. Federico Garcia Lorcari liburua hor zehar jakitera emateko eskatu ondotik eta honen erantzun hotza zela-eta, bien arteko harremana hautsi zen betirako. 1934an beste poeta handi bat ezagutu zuen, Hernandezen ibilbidean mugarri izan zena: Pablo Neruda. Nerudaren bidez garaiko Madrilgo intelektualitatea ezagutu zuen, tartean Vicente Aleixandre. Hari eskainia da Viento del pueblo (Herriaren haize) poema-liburua, 36ko Gerra bitartean idatzi zuena. Hernandezen poesiaren aintzakotzea, ordea, aurreko lanari esker etorri zen, 1936ko El rayo que no cesa (Etengabeko tximista) liburuarekin.
Gerraren eztandarekin errepublikazaleen bandoan izena eman eta komisario politiko eta kultural gisa aritu zen borrokan. Madril faxisten eskuetan erori eta gutxira atxilotuz gero kartzelaz kartzelako gurutze-bide bat bizi izan zuen. Giltzapean idatzi zuen beste poema sonatu bat, Tipularen sehaska kanta, Joan Manuel Serratek kantatua aski ezagun egin zena. 1942ko martxoaren 28an zendu zen Hernandez tuberkulosiak jota Alacanteko presondegian.