FRUITUA ( CD )
ESTANKONA
Borja Estankonak bere ibilbide musikalari Estankona izena eman dio. Estankonaren bigarren diskoak Fruitua du izenburu. Estankona kantariaren diskoko abestiek erritmo eta musika estilo desberdinak jorratzen dituzte baina kontraste horrek ez du esan nahi linealtasun baten faltan dagoenik. Estankona kantariaren musika paleta edo estilo sorta askotarikoa da, horren gainetik dago musika horrek helarazten digun sosegua, lasaitasuna eta musika bera entzuteko gogoa. Vals, ska, country amerikarra, reggae, rocka itxuradun abestiak aurkituko ditugu kontrastea egiten, baina abesti guztiek batzen eta isurtzen duten emozio grinak biribilduko du disko osoa. Lan estimagarria sentiberatasun aldetik ere bai. Baina azken bi abestiek jarriko diote kontrapuntua Estankona kantariaren Fruitua lanari. Azkenaurrekoan neurrizko indar musikalaren igoerak potentzia ematen dio abestiari. Azken kantuak, kantuari berari bueltak eta itzuliak emango dizkio etengabe hamar minutuz eguneroko gauza txikiek gordetzen dutelako handiena. Estankona kantariaren hitzak barrura begiratzen dute, barrutik esandakoak botako dizkigu batzutan tonu surrealistarekin eta beste batzutan bizitzaren errealitate gordinarekin.