EMILY DICKINSON ANTOLOGIA
DICKINSON, EMILY
Emily Dickinsonen poesiara estreinakoz hurbiltzen dena berehala ohartuko da, lehen lerroak irakurri bezain laster, poeta bakan baten aurrean dagoela. Ez da Dickinsonen lana sobera ezagutu behar lerro horiek hark idatziak direla jakiteko. Originaltasun eta indar berdingabea duen poeta dugu, poesia anglosaxoiko eta are munduko poesiako figura gorenetako bat. Harold Bloom kritikariaren arabera, Dickinsonen adimena hain da apartekoa irakurlea beti sentitzen dela txiki, hasiberri, haren poemak irakurri bitartean.
Izan ere, Dickinsonen poesiaren ezaugarrietako bat zailtasuna da; ez da ulerterraza, besteak beste, ahots indibidual hain indartsu horri jarraiki, topiko oro ekiditen ahalegintzen delako tai gabe. Alabaina, horrexek egiten du halaber hain garaikide, XIX. mendean idatzia izan bazen ere. Arestian aipatutako adimen eta zolitasun horren kariaz aldarrikatuko zuen, esaterako, egiaren askotarikotasuna (568. poema), urte saldo bat geroago postmodernitatearen leitmotivetako batek esango zuen gauza bera alegia. Badira izan iraganak gogorki jotako poeta eta poemak, urteen poderioz zimur ugariz betetzen direnak, baina hori ez da, inolaz ere, Dickinsonen kasua.